2012-10-16

Zenbakien esannahia hizkuntzen eboluzioan

http://guremate.blogspot.com.es
Gure lagun Martin Rezolak helarazi digun EIZIEk SENEZ aldizkarian argitaratutako artikulu batean  Elena Martínez Rubiok, Frankfurreko Euskara Irakurleak, Jost Gippert, euskararen sustatzailea Alemanian elkarrizketatzen du. Bertatik honako testu hau aukeratu dugu, zenbakien esannahia hizkuntzen eboluzioan aipatzen duena, hain zuzen ere:
___________
....
Ikerlan bat baduzu dado-joko turkiar-persiar batean erabiltzen diren zenbakiei buruz. Bertan diozunez, hizkuntza-zientzia historikoak argi frogatu du oinarrizko zenbakiak hizkuntza baten estratu zaharrenekoak direla. Beraz, zenbakiak bereziki lagungarriak edo baliagarriak dira ikerketa konparatzaileetan?

Bai, zenbakiak oso zaharrak izaten dira hizkuntza guztietan. Hizkuntza batek zenbakiak mailegatzea ez da batere ohikoa, ez behintzat bat edo bitik hamar artekoak. 
Funtsezko arrazoi bat egon behar da zenbaki zaharrak mailegatuen bidez ordezkatzeko. Hizkuntza guztiek daukate beren zenbatzeko sistema eta behin bat izanez gero, zertarako aldatu? Zenbatu nahi den gauza bera ere mailegatu ez baldin bada. Esaterako: ardien hazkuntza auzoengandik ikasi edo bereganatu dutenek, baliteke ardiak zenbatzeko auzokoen zenbakiak erabiltzea, baina horretarako bakarrik. Fenomeno hau zenbait hizkuntzatan ikus daiteke. Batzuetan, bi sistema paralelo ditugu batera. Japonen adibidez, bi sistema erabat desberdin dute, txinatarra eta japoniarra.

Zenbakiak, oro har, oso egonkorrak dira. Oinarrizko zenbakiei buruz ari gara. Bestalde, zenbait kulturek kopuru handiak zenbatzeko zenbakirik ez daukate, bertan kopuru handitan kontatu litekeen ezer ez dagoelako. Beraz, zenbakiek bizimodu eta tokian tokiko beharrekin zerikusia dutela esan dezakegu.

Zenbakiak gotorleku kontserbatzaile bat direla jakinik, zenbakietara jotzen dugu guk baliagarri zaigun beste ezer ez dugunean topatzen, zenbakiek konparaketak egiteko abiapuntu on bat eskaini dezaketelakoan. Elkarrengandik urrun-urrun zeuden hizkuntza indoeuroparrak aztertu izan ditut nik, ia antzeko ezer ez zutenak, zenbakietan ezaugarri morfologiko jakin batzuk aurkituz halere.

Sistema hogeitarra hamartarra baino zaharragoa al da?

Ez du beti zertan izan. Indoeuropar hizkuntzek hamartarra zuten duela 7.000 urte, hau ez da gutxi. Baina zenbait hizkuntza indoeuroparrek hogeitarra bereganatu zuten. Substratuarengatik,
segur aski. Hizkuntza zeltak kasu, gaurko frantsesean arrastoa utzi dutenak. Danieraz ere badago hogeitar sistema. Zer fenomeno dugu hemen? Sistema hogeitarraren hondar horiek direla-eta, badirudi hogeitar sistema Atlantikoko kostaldean egon zela zabaldua. Beraz, litekeena da bertan hogeitarra erabili izana, indoeuroparrak iritsi baino lehen. Eta, segur aski, euskara edo euskarekin zerikusia zuten hizkuntzak egingo zirela bertan.

Edonola ere, denetarik dugu munduan zenbakiei dagokienez. Batzuk hamartar sistematik hogeitarrera aldatu, beste batzuk ordea alderantzizko bidea egin dute. Kaukason denetarik dago, egon ere. Nire ustez, bi sistemak dira naturalak: azken batez, hamar atzamar dugu, eta atzekoz aldera ere erabil ditzakegu behin hamar zenbatuz gero, hogeiraino iristeko. Bada oraindik horrela egiten duenik, atzamarrak erabiliz. Seitar edo hamabitar sistemak ere ez dira ahaztu behar, sistema honek atzamarrekin zerikusirik ez badu ere, egutegiarekin baizik. Alemanez dozena bat esaten da maiz oraindik, hamabi esan beharrean. Kontatzeko eran ilargiaren aldiak ditugu hemen abiapuntu, eta urteak dauzkan hilabeteak. Ondorioz, zera baieztatu daiteke: eskuarki sistema hamartarrak beste sistemak bazterreratzen joan direla. Esan beharra dago, euskarak oso ondo gordea duela bere sistema. Beste hizkuntzetan, eragin desberdinenei zor zaizkien askoz nahasketa eta konbinaketa gehiago topa daitezke.
...